Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Aholkularitza

Aholkularitza lantaldea

Zer egiten dugu?

Gizartean hainbat esparrutan eraikuntza kolektiboan lan eginez hobekuntza lortzeko zerbitzuak eskaintzen ditugu, parte-hartzean eta berdintasunean oinarrituta, eta hizkuntza gutxituak bereziki kontuan izanda. Hori oinarri harturik, hauek dira gure jardun-eremu nagusiak:

  • Euskararen normalizazioa
  • Hizkuntzen kudeaketa
  • Herritarren parte-hartzea
  • Emakume eta gizonen berdintasuna

1991. urtean ekin genion euskara lan-munduan txertatzeko langintzari. Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordio bati esker, Elay eta CAF enpresetan hasi ginen eguneroko jardunean euskara txertatzen, lehen aldiz modu planifikatuan. Ordutik, enpresa, herri-erakunde eta bestelako entitateetan hizkuntzaren erabilera normalizatzeko lanean jarraitu dugu. Eremu horretan ikasitakoarekin, nazioartean diharduten enpresei hizkuntzak kudeatzen ere laguntzen diegu.

Proiektu horietan, ahalegin handia egin dugu parte-hartzean oinarritutako metodologia lantzeko eta egokitzeko. Ahalegin horrek euskararen arlokoak ez diren proiektuetara zabaltzeko aukera eman digu eta asko dira 2000. urtetik partaidetzaren eremuan egindako proiektuak eta aholkularitza-lanak. Gainera, 2006an Berdintasun-plana martxan jartzearekin batera, ahalegin berezia egin dugu gure teknikariak alor horretan trebatzeko, eta esfortzuak fruituak eman ditu. Izan ere, Emakundek homologatutako aholkularitza-enpresa gara EAEn enpresei emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko laguntza teknikoa emateko. 2008. urteaz geroztik, asko dira batia ere berdintasuneko politika publikoen eremuan egindako proiektuak.


Lantaldea

Diziplina anitzeko lantaldea daukagu, hainbat arlotan trebatutako profesionalez osatua. 25 lagunek egiten dute lan Elhuyar Aholkularitzan, 2 bulegotan banatuta: Usurbilgoa da gure bulego nagusia, baina Bizkaian ere badugu beste bulego bat, Durangon.

Ikasketaz ere, diziplina anitzetako espezialistak ditugu gure artean: filologoak, soziologoak, Zientzia Politikoetan edo Zuzenbidean lizentziatuak, historialaria, Ikus-entzunezko Irudi-zientzietan lizentziatua, Irakasle-ikasketetan diplomatuak, Ekonomia- eta Enpresa- zientzietan lizentziatuak, berdintasaun-agenteak…

 


Metodologia

Etenik gabeko eraldaketa-prozesu batean bizi gara; inguratzen gaituen errealitatea aldatuz joaten da, gu guztion zuzeneko edo zeharkako ekintzen ondorioz.

Gaur egun, sektore sozial, politiko eta ekonomiko gehienok gure jarduna hobetzen saiatzen gara. Eta horretarako, era guztietako planak sustatzen ditugu, betiere aldez aurretik egindako diagnostikoak erakutsi digun abiapuntua aldatzea helburu.

Normalean, eskuratu nahi ditugun helburu, emaitza eta xede oso zehatzak eta interesgarriak zehazten ditugu, eta horiek oso epe laburrean lortu nahi izaten ditugu, ahalik eta bitarteko nahiz jende gutxiena baliatuz.

Baina plan gehienak gauzatzeko garaian, errealitate jakin bat agertzen da: helburua lortzeko (aldatzea eta hobetzea), plan horrekin zerikusia duten pertsonengan zuzenean eragin behar da, eta, are zehatzago, pertsona horien jarreretan eragin behar da. Sarritan, plan horien arrakastaren gakoa lotuago dago beraz pertsona horien motibazioarekin, inplikazioarekin eta ekintza kontzientearekin.

Eta nola lantzen dira pertsonen jarrerak? Motibazioa? Inplikazioa? Nola egiten da? Garatu al daitezke eraldaketa-prozesu kontzienteak eta planifikatuak, pertsonen etorkizuneko jarreretan eragingo dutenak?

Guk baietz uste dugu, egin daitekeela. Eta badakigu gauzak egiteko modua dela, hain zuzen ere, haien emaitzan eragin zuzena eta erabatekoa duena.

Galdera horiek erantzuten lagunduko diguten zenbait ideia planteatzen saiatu gara.

Honatx gure prozesuen hainbat ezaugarri:

  • Ikasketa-prozesu parte-hartzaileak dira, eta jendeari bere inguruaren azterketa kritikoa eta dimentsioaniztuna egiten laguntzen diote.
  • Prozesuan, eraikuntza kolektiboa egiteko aukera ematen duten espazio demokratikoak sortzen dira.
  • Prozesua etengabeko hausnarketa- eta ekintza-dinamiken bidez eraikitzen da. Dinamika horietan jendeak boterea eskuratzen du aldatu / hobetu nahi duen horren alde lan egiteko.
  • Prozesu malguak eta egituratuak dira, parte hartzean oinarritutako ikasketa eta ekintza-prozesuak, landu beharreko gaitik harago.

Labur esanda, eraldaketa-prozesu kontzientea taldeko pertsonen esperientzietan oinarritzen da, eta parte-hartzea, inplikazioa nahiz jabetzea indartzen duten tekniken bitartez, egoeraren azterketa laguntzen du, bukaeran taldea lantzen ari den gai zehatzaren inguruko ekintzara iritsi ahal izan dadin. 


Homologazioak eta sariak

  • Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundea: Enpresetan eta erakundeetan emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunarekin lotutako gaietan laguntza teknikoa emateko aholkularitza-enpresa homologatua.
  • Bizkaiko Foru Aldundia: Aukera-berdintasunaren eta genero-politiken arloko laguntza teknikoa emateko homologazioa. 
  • Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea: Bai Euskarari Ziurtagiria: Zerbitzua eta lana euskaraz.. Ziurtagiriaren jabe 2005az geroztik.
  • Gestión 2-17, Bihotza Sariak 2007: Euskaldun Bihotza, Bihotza duten Enpresei Prentsak emandako Sariak.